XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izen horrek neure suhar guztia itzuli zidan; argi ikusi nuen isilmandatuka hastera zihoala: zure kontseilu zuhurrak gogoan hartu eta neure buruari hitz eman nion... abentura hartan segiko nuela; ziur bainintzen berritsukeria hura sendatuko niola.

Arrotza baitzen nire lagunartean, arrats hartan jendez eskastuan, ohiturazko begiramenak zor zizkidan; hala, afaltzera joan ginenean, eskua eskaini zidan.

Haren eskua onartzearekin batera, maleziaz eragin nion neureari dardarizo arin bat, eta, ibiltzen ari nintzen bitartean, begiak apaldu nituen eta arnas hotsa goratu.

Neure hondamena aldez aurretik ikusia nuelako eta garaitu ninduenaren beldurrez nintzelako irudia egin nuen.

Prévanek ezin hobeki hauteman zuen; beraz bada traidore hark berehala aldatu zuen doinuz eta egonmoldez.

Galai izana, bihurtu zen amoltsu.

Ez hain zuzen hitz beretsuak erraten ez zituelako; egoerak eta aldarteak hala beharturik: baina haren behakoa, dagoeneko motelduxea, ferekatzaileagoa zen; mintza doinua eztiagoa; irribarrea ez zuen jadanik maltzurkeriazkoa, alaitasunezkoa baizik.

Azkenik, haren solasari zirtoen sua emeki bada emeki iraungitzen ari baitzitzaion, adimen erneak bide eman zion atsegintasunari.

Horra nire galdea, zuk hobeki eginen zenukeen?

Ni, berriz, ametsari emana nengoen, halako heineraino non bertzeak nahitaez ohartu behar izan zitzaizkidan, eta karia horretara liskartu nindutenean, trebetasunez neure burua moldakaizkiro defendatu, eta igorri nion Prévani behako zalu bat, ahalkez eta harriduraz betea ordea, egokia zena hari sinetsarazteko hark nire asalduaren arrazoia asmatu ahal izanak sortua zuela nire beldur guztia.